Laztan bat, begirada bat, muxu bat, esaldi bat. Besarkada bat, ekintza bat, sentipen bat, irrifar bat. Maitasuna. Zure esku gozoak, zure begi marroiak, zure ezpain txikiak, zure hitz urduriak. Zure beso sendoak, zure algara, zure poza, zure hortzen irudikapena.

Begi eder horiekin begiratzean, nire aurpegia musu gozoekin estaltzean, zure irrifarra eskaintzean; munduko neskatorik zoriontsuena bilakatzen nauzu. Baina dena bukatu da, desagertu da. Ni begiratzeari utzi duzu, nire ezpainetan zure musuen aztarna uzteaz ahaztu zara, nire zoriontasuna zure irrifarra galtzean bukarazi duzu. Ni maitatzeari utzi diozu.
Gau hartan besteekin egon izana nahi nuke. Horrela ez zen zorigaitz hau gertatuko. Hanka sartu nuen zuri musua ematen. Eta hanka sartzen ari naiz zu maitatzen. Jada ez didazu aurpegira begiratzen, ez didazu irrifar polit hura oparitzen, ez dizkidazu hitz zoragarriak esaten. Dena aldatu da. Zu aldatu zara, ni aldatu naiz, biok aldatu gara.
Nire bihotzean zure arrastoa utzi duzu. Ezabatu ezin den urratsa. Edo agian birrindu nahi ez dudan akatsa. Lehen ginena izan nahi dut, galdu duguna berreskuratu nahi dut, zure begietan dir-dir egin nahi dut. Joan zinenean, nire bizitzako lilura eraman zenuen; kostata lortu nuena lapurtu zenidan.

No hay comentarios:
Publicar un comentario