Zerutik behera erortzen den negarra; guretzat ederregia. Tanta guztiek bustitzen dute nire gorputz estua. Milaka ur-tanta daude nire gorputza sentitzen. Edo sentitu nahian. Zerura begiratu eta nola erortzen diren ikus ditzaket, asma dezaket. Bakoitzak nire gorputzeko atal bat bustitzen du, baina azkenean denek ihes egiten dute bere arrastoa utziz. Argi bat ikusten dut zeru ilunean. Ilargiaren argia, izarrez apaindurik. Argi bizi horrek malko bakoitza argitzen du, dizdira berezi bat emanez. Denak berezi bihurtzen ditu, desberdin egiten ditu. Eta negarra segundu batez pausatzen da nire begiak ur-tanten jatorrian finkatzen diren bitartean. Malko berezi bat dator nigana. Ikus dezaket, senti dezaket. Ilargiaren izpiek salatu dute; eta barruan ezkutatzen duena irakurri dut. Nire kopetean geratu da. Sudurretik jaitsi, masailaren zati bat lapurtu eta ahoa inguratu dit. Milaka tantek ukitu dute nire gorputza, baina horietatik batek aukeratu du nire bihotza. Berezia da. Jada lepotik ihesi joan da eta bularraldea zeharkatzeari ekin dio. Bat-batean gelditu egin da. Taupadak estuen entzuten diren lekuan pausatu da. Eta irrifar zoragarri batek harrapatu du nire ahoa. Ur-tanta berezi hartan irakurri dudana etorri zait burura. Ilargi zuriak mezu bat utzi du hantxe niretzat. Mezu gozo bat. Zure aurpegia zegoen marrazturik bertan, eta zure ezpainek hitz gozoak ahozkatzen zituzten zure begiek dir-dir egiten zuten bitartean. Malkoa, euriaren sinfonia amaitu denean desagertu egin da. Lurrundu egin da. Bere eginbeharra osatu du; mezua eman eta joan egin da. Ez dut gehiago ikusiko, baina egunero sentituko dut. Agian, egunen batean, ekartzen zuen mezua ahaztuko dut. Baina ez ditut inoiz ahaztuko ahozkatzen zenituen hitz gozoak. Ez dut inoiz ahaztuko oparitu zenidan esaldi maitagarria.
Nik ere maite zaitut.